miércoles, 21 de febrero de 2018

83.500 Herritarrek erabili dute Arreta Zerbitzua

Noticia publicada en Bidasoko Hitza , el martes día 20 de Febrero de 2018.

83.500 HERRITARREK ERABILI DUTE ARRETA ZERBITZUA



Pedro Alegre zinegotzia eta Izaskun Larrarte zerbitzuaren zuzendaria.
HAZ Herritarren Arreta Zerbitzuaren iazko balantzea aurkeztu dute gaur Pedro Alegre Gizarte Informazioaren ordezkaria eta Izaskun Larrarte zerbitzuaren zuzendariak. Pozik azaldu dira biak, emaitzei erreparatura, bidea egiten jarraitzen duelako orain 21 urte martxan jarritako zerbitzuak, eta geroz eta  herritar gehiago direlako hura erabiltzen dutenak tramiteak egiteko garaian.
83.541 herritarrek erabili zuten iaz HAZ. Kopuru garrantzitsua dela nabarmendu du Alegrek: “Hasieran ez ginen 40.000 erabiltzailera iristen, eta iaz kopuru hori bikoiztu egin genuen”. Horrek, arreta zerbitzua, erreferentzia puntu bihurtu dela hiritarrentzat erakusten du Alegreren ustez. Xehetasunetara jo du gero, eta besteak beste, internet bidezko arreta %20 igo zela iaz aurreko urtearekin alderatuta, aurrez aurreko arretak %3ko igoera izan duela, eta 010 telefono zenbakian jasotako deiak, berriz, %4 ugaritu direla esan du. Datu positiboak, beraz, eta horrenbestez, baita egin duten zerbitzuaren gaineko balorazioa.
Batez beste, zazpi minutu eman dituzte zerbitzuko langileek HAZ-era jo duen herritar bakoitzarekin. Tramite ohikoenak, berriz, helbideratzeak eta errolda eskaerak izan zirela iaz esan du, azken horiek, 40.000etik gora.
Online egindako tramiteen igoerari erreparatu dio Alegrek, izan ere hori da Herritarren Arreta Zerbitzuaren aurtengo erronka, internet bidez egiten diren tramiteak ugaritzea, “hori da gure helburua, jendeak geroz eta gehiago erabiltzea internet tramiteak egiteko. Beste bi erronka ere baditugu aurten. Bata, garrantzitsua oso: kontratazio elektronikoa. Lehiaketa publikoak eta kontratazioa internetera eramango dugu. Bestea, pertsona juridikoek elektronikoki tramitatzera bideratzea. Izan ere, instituzioak derrigortuta gaude hori posible egitera”. Horren harira, hainbat elkarteri elektronikoki jarduteko formazioa ematen ari direla zehaztu du.
Erreferentzia puntua
Arreta zerbitzuaren egunerokoa bertatik bertara bizi du Larrartek, eta erabiltzaile kopuruak gora egin izanaren arrazoia argi du: “HAZ erreferentzia puntua bihurtu da irundarrentzat. Jakin badakite, zerbitzuan ongi artatuko dituztela. Askotan udalarekin zer ikusia ez duten gaien gainean galdetzera ere etortzen dira, 21 urte eta gero erreferentzia garelako beraientzat”.
Zerbitzuak eskaintzen dituen bide ezberdinak egoki erabiltzera bideratu nahi dituztela indarrak nabarmendu du, “badira tramite sinpleak herritarrek online egin ditzaketenak. Aurrez aurreko kanala, berriz, tramite konplexuak erantzuteko da egokia”. Internet bidez 70 izapide egin ditzakete irundarrek egun, eta guztira 200 bat egiteko aukera eskaintzen du HAZ-ek.
Larrartek, aurrez aurreko arretara jotzen dutenen perfila aipatu du azkenik: “35 eta 40 arteko emakumeak dira gehienak”. Zerbitzua zabalik dago astelehenetik ostiralera 8:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, eta larunbatetan  9:30etik 13:00etara. Udan arratsaldez eta larunbatetan itxita dago.

No hay comentarios: